XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oparirik ez

Arantxa Urretabizkaia

Esana nion, argi asko, gainera, ez nuela dirua lana baino gehiago izango zuen oparirik onartuko.

Eta ez bakarrik sasoi hartan nik berak baino dexente gehiago irabazten nuelako.

Hitzez hitz esplikatu nion ni objetore nintzela oparien kontuan.

Denbora edo lana onartzen dut, esan nion, ez dirua.

Udazken euritsu hartan bertan ezagutu genuen elkar eta ordu luzeak hizketan emanak genituen ere, abenduarekin batera eguberriak etorri zirenean ez dut esango oraindik ezezagun ginenik, baina bion bizitza luzeak sekretu ugari zituela elkarrentzat.

Nik ez nekien, adibidez, seme bat izan zuenik eta berak berak ezta ni ETAkoa izana nintzenik.

Urte luzeak pasa dira harrez gero eta sekretuak ez dira agertu.

Baina, oraindik ere, noizen behin azalerazten direnez ez dute, inondik ere, opari haren diztira itsugarria.

Pospolo argiak dira, ez izarrak.

Heldu zen gabon eguna.

Orduan ez genuen gaua elkarrekin pasatzerik eta arratsaldez elkartu ginen.

Ez dut ahaztu ez ahaztuko ze tabernatan izan zen zita.

Beste arrazoi pisudunen artean, afarira berandu heldu arte egon bait ginen han.

Bost ordu, kafe banaz, besterik eskatu gabe.

Arratsaldeko bostak edo izango ziren oraindik antzeman ez nuen oparia eskaini zidanean.

Paketeak liburu baten antza zuen, izarrez jositako paper urdin ilunez bildua.

Ez zait sosik kostatu, esan zidan irribarre lotsati batez.

Zabaldu nuen paketea eta ez zen liburu bat.

Izan zitekeen, behar zuen izan, baina ez da ez izango.

Kuartila zuriak idazkera borobil eta beltzaz beteak zeuden.

Poemak ziren eta, esan zidanez, niretzat propio idatziak.

Galdetu nion ea uzten zidan bakarren bat irakurtzen eta lehenengo gainbegiradak adierazi zidan idatzitakoaren balioa.

Benetan zuk idatziak dira, galdetu nion zoritxarrez eta bere aurpegiaren harridurak adierazi zidan baietz.

Ez nekien idazten zuenik.

Ez nintzen poesia zalea baina betidanik apreziatu izan dut hitzen xarma, are panfletoak idazten nituenean.

Bigarren horrialderako aldatu zitzaidan erabat idazleak nire barruan zuen irudia eta, handik aurrera, nire buruarena ere.

Irakurketak iraun zuen bitartean ez nuen edan ez erre.

Iruditu zitzaidan denbora gelditu egin zela, munduak edo bizitzak lortua zuela betirako oreka, inork ez ezerk hautsiko ez zuen zoriona.

Bukatu nuenean, bista altxa eta bi hitz bota nituen, edonork asmatuko dituenak, baina oraindik ere idazleari bota ez nizkionak.

Uste nuen egunak eta urteak berak ezin zidala harridura haundiagorik ekarri.

Begiratu genuen lehenego aldiz ordularia, hitzik gabe adierazi genion elkarri hura zela banandurik pasatuko genuen azken gabon gaua.

Atera ginen kalera, hotzik nabaritu gabe.

Handik gutxira heldu ginen bion bidea banatzen zuen Urumeara.

Ni ezkerraldean bizi nintzen eta bera, nola ez, eskubikoan.

Agurreko musu isila luzatu egin zen, aidean lainorik izan ez balitz bezala.

Besarkadak ez zidan besotan nuen horrialde, mordoa aska erazi.

Aberats sentitu nintzen, sekula baino aberatsago.

Orduan, nik oraindik besotan nuen oparia hartu eta, serio serio, horrialdeak uretara bota zituen.

Antxetak ziruditen gaurik beltzarenaren erdian.

Marea beherak eraman zituen Zurriolara.

Ez omen zuen fotokopiarik egin.